GUTUNA

Denon Herria: “Inoiz baino garrantzitsuagoa da elkarlana”

Berriketan 2023ko mai. 25a, 11:30
Denon Herria plataformak Arantza Egaña Aldalur aurkeztu du Itziarko Toki Entitate Txikirako auzo alkategai; Egaña bera jardun da kargu horretan azken agintaldiko lau urteotan ere. Azpiko lerroetan duzue irakurgai plataformak aldizkarirako propio bidali duen gutuna.

Itziarko Auzo Udalak bi agintaldi gainditu ditu jada. Hasiera trakets eta gogor hartan halakorik aurreikusten ez bagenuen ere, aurrera jarraitzen du. Lehen legegintzaldiak borroka eta biziraupena izan zituen ardatz. Eta bigarren agintaldi honi, berriz, itxaropenez begiratu genion. Herritarren parte-hartzea eta auzolana bultzatzea, auzo eremuan azpiegitura eta zerbitzu berriak eta hobeak antolatzea, gizarte kohesioa indartzea… Horiek genituen helburu nagusi, eta Debako udalerrian eman zen gobernu aldaketak ireki zizkion ateak horri guztiari.

Pasa den legegintzaldi honek hasiera ezin hobea izan zuen arren, mundu mailan eragina izan duen pandemiak gogor zapuztu zituen hainbat asmo. 1.000 biztanle inguruko eremu sakabanatu honetara ere iritsi ziren ondorioak, denok etxean sartu gintuen pandemiak, eta hurrengo bi urteetako jarduna erabat baldintzatu duen egoerara eraman. Batzar dinamika hautsi zuen eta harremanak eten, horrek guztiak dituen ondorio lazgarriekin.

Bestalde, horrek barne lana egiteko aukera ere eskaini zigun, eta bigarren legegintzaldia hitz bakar batekin definitu beharko bagenu, egonkortze garaia izan dela esan genezake. Egitura administratiboa finkatzen ari gara; teknikari bat, aparejadore bat eta administrari bat daude eta gainontzeko udalerriko teknikariekin izan beharreko harremanak ere lantzen ari gara. Debako Gobernu Batzordearekin koordinazioa lantzeko ere baliagarria izan da pandemia garaia, eta aurrerapauso handiak eman dira.

Orain datorrena eraldaketarako agintaldia izan beharko litzatekeela iruditzen zaigu. Betidanik herrigintza helburu izan duen erakundea izanik, Denon Herria plataformatik zera aldarrikatu nahi dugu: inoiz baino garrantzitsuagoa da elkarlana, gizarte honek dituen erronkei aurre egiteko lehengai eraginkorrena herritarren arteko elkarlanean oinarritu behar da, alegia.

Bi ardatz nagusi nabarmendu nahi ditugu: etxegintza eta eskola propioa. Eskola propioaren inguruan hainbat pauso ematen ari gara eta, Debako Udalarekin batera, elkarlanean, gure gazteak bertan geratzeko ezinbesteko diren etxebizitzen faltaren arazoari aurre egin nahi diogu.

Bestalde, pandemia osteko garai honek sortu dituen gabeziak eta beharrak detektatu eta horien inguruko lanketa kolektibo bat bultzatu nahiko genuke, guztion artean zer nolako Itziar nahi dugun erabaki eta aurrera eramateko.