GUTUNA

Debako Sare: “Elkarretaratzeak hileko azken ostiraletan egingo ditugu aurrerantzean”

Berriketan 2023ko mar. 31a, 09:00

Hona hemen Debako Sarek ‘Sakabanaketaren amaiera’ izenburupean Berriketan herri aldizkarirako idatzi duen gutuna.

Duela 34 urte sakabanaketa politika ezarri zitzaien euskal presoei, Espainia eta Frantziako kartzela ezberdinetan banatuz. Presoen giza eskubideak urratzeaz gain, urte hauetan guztietan senide eta lagunak milaka kilometro egitera behartuak izan dira bisita bat egin ahal izateko. Ezin dugu ahaztu egoera horrek mina, sufrimendua eta gastu ekonomiko handiak sortu dituela eta 16 lagunek bizia galdu dutela errepidean.

Egoera hori salatzeko, azken 30 urteotan, Deban, presoen senide eta lagunak ostiralero-ostiralero irten gara kalera, udaletxeko plazako elkarretaratzeak ohiko irudi bilakatuz.

Dispertsioaren aroa amaitzear den honetan, mobilizazioa egokitzeko unea iritsi dela deritzogu eta elkarretaratzeak hileko azken ostiraletan egingo ditugu aurrerantzean, Etxeratek eta Sarek egiten duten deialdiari erantzunez.

Aro berri honetan, gure irudi nagusia (banderola) aldatu dugu; orain ez du maparik, geziak ditu soilik. Geziei jarraituz, preso, iheslari eta deportatu guztien giza eskubideak errespetatzearen alde dauden pertsona guztiak elkartzea da helburua.

Gure esku dago, beraz, lanean jarraitzea, euskal presoei legedi arrunta aplika diezaieten eta gure herrian bizikidetzan aurrera egin dezagun. Horretarako, mobilizatzen jarraitu behar dugu, etxera bidean aurrerapausoak emateko.

Gogoratu hilabeteko azken ostiraletan izango direla elkarretaratzeak, Foruen Plazan, 19:30ean.