Debako Gazte Asanbladak bost eguneko egitaraua antolatu du 22. urtemuga ospatzeko

Berriketan 2022ko aza. 11a, 15:12

Haurrentzako jolasak, bazkaria, antzerki emanaldia, bertso afaria… bi asteburutan banatutako egitarau oparoa dakar aurtengo ospakizunak. Gaur, azaroaren 11n, abiatuko da programazioa.

Zuhatza Euskara Elkarteko Kolore Anitz Aisialdi Taldearen laguntzaz, haurrentzako prestatutako ekimen batekin emango zaio gaur hasiera Debako Gazte Asanbladaren urtemugako egitarauari. Foruen Plazan izango da hitzordua, 17:00etan, eta jolasen ondoren txokolate-jana ere izango da aukeran.

Azaroaren 12an, larunbatean, asanbladako kideen eta kide ohien bazkaria egingo da Gaztetxean eta, igandean, leku berean, Loa Loa Laguna antzerki emanaldia izango da 19:00etan.

Programazioak datorren asteburuan izango du jarraipena. Azaroaren 18an, ostiralean, bertso afaria egingo da Arrano Elkartean (txartelak Zalburdin izango dira salgai). Hilaren 19rako, berriz, egun osoko egitaraua antolatu du asanbladak. Hamabitakoa egingo da eguerdian Foruen Plazan eta, ordu-erdi beranduago, plazatik abiatuta, Kantu Jirari emango zaio hasiera, Kalean Kantuz-en eskutik; Euskaraldiaren eta Euskeraz Bagera egitarauaren baitan egingo da hitzordua. Ondoren, 15:00etan, bazkari herrikoia izango da Aldats pilotalekuan (txartelak Zalburdin eskura daitezke), eta bazkalondoan Ke Toke El De Alau txarangak jardungo du. Eguna biribiltzeko, musika kontzertuak izango dira aukeran Gaztetxean, 22:30etik aurrera: Coast Rebels, Bide Batez Erromeria eta DJ Kemena.