Debabarreneko enpresek ingurumenaren aldeko hitzarmena sinatu dute

Berriketan 2022ko ira. 28a, 13:20
Asteklimaren baitan, ingurumenaren aldeko konpromisoa erakutsi dute Debabarrenean eskualdeko 13 enpresak, ingurumena aintzat hartzen duten jardunbide egokiak balioesteko. Besteak beste, ingurumena aintzat hartuta egiten dituzten praktika egokiak partekatu dituzte eta, haiei esker, kalkulatzen da 2.139 tona CO2 emisio murriztuko direla. Debegesak bultzatu du ekimena, eskualdeko udalekin batera.

Asteklima Euskadiko Klimaren eta Energiaren astearen (urriaren 2ra arteko astea) bueltan adierazi dute publikoki eskualdeko 13 industria-enpresak “2030eko Agendaren eta Ingurumen Jasangarritasunaren aldeko apustua”, enpresetan egiten dituzten praktika egokiak partekatuz (hemen klikatuta ikusgai).

Praktika egoki horien artean daude, esaterako, produktuen eta zerbitzuen ekodiseinua, energia-eraginkortasuna, energia berriztagarrien erabilera eta industria-prozesuetako hondakinen balorizazioa. 

Praktika egokiak partekatu

Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak bultzatu du ekimena, eskualdeko udalekin batera. Debegesatik helarazitako datuen arabera, 13 enpresa horien jarduera egokiei esker, kalkulatu dute CO2ren emisioa 2.139 tonatan murriztuko dela; bestela esanda, 2.139 familiak isurtzen duten besteko CO2 tona gutxiago isuriko dira. Tona kopuru hori xurgatzeko, 37,50 hektarea baso misto beharko liratekeela ere jakinarazi dute Debegesatik. 

Joan den ostiralean, euren konpromisoa erakusteko, enpresetako ordezkariak Debegesako egoitza nagusian elkartu ziren. Edozelan ere, Debegesatik azpimarratu dute ekimen horretan parte hartzea zabalik dagoela eta enpresa gehiagok ere badutela aukera euren praktika egokiak besteekin partekatzeko. Horretarako Debegesarekin harremanetan jarri behar da, 943 82 01 10 telefono zenbakira deituta.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Izaro Irazusta (Debegesa); Borja Garate (Grupo Unceta); Esther Velasco (HRE Automation); Miren Egaña (Bronymec); Adrián Merino (ABC Compressors); Elisa Galán (ABC Compressors); Aitziber Kortazar (Debegesa); Guillermo Curiel (EPC); Iñaki Iribar (Danobat); Susana Velasco (Hervel Electroquímica); Ibon Robles (Schaeffler Iberia); Andoni Juaristi (Graficas Juaristi) eta Nekane Naberan (Naberan).