Debabarrena suspertzea helburu duen ponentzia eratzea onartu da aho batez Legebiltzarrean

Berriketan 2021ko urr. 12a, 10:45

Urriaren 7an, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak aho batez onartu zuen Debabarreneko eskualdea eta bertan sartzen diren udalerriak suspertzeko ponentzia eratzea. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztu zuten proposamena eta eskualdea suspertzeko plan estrategiko bat diseinatzeko irizpideak adostea du helburu.

Osokoan izan ziren Iñaki Arregi Mendaroko alkatea, Ane Beitia Elgoibarko alkatea, eta Iker Aldazabal Soraluzeko alkatea.

Ponentziaren helburua izango da eskualdea eta bertako udalerriak (Deba, Mutriku, Mendaro, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Mallabia eta Ermua) suspertzeko plan estrategikoa diseinatzeko irizpideak adostea. Plan hori prozesu parte-hartzaile zabalen bidez garatuko da, Tokiko Garapen agentziaren gidaritzapean, eta maila desberdinetako instituzioen lan ildoak, inbertsioak eta apustu estrategikoak barneratuko ditu.