GUTUNA

Deba-Itziarko Talde Feministaren gutuna, M8aren harira

Berriketan 2023ko ots. 28a, 12:14
Hona hemen Deba-Itziarko Talde Feministak Martxoaren 8aren testuinguruan idatzi duen ‘Martxoaren 8an, guk esku-frenoa’ iritzi artikulua.

Oraingoan dokumental bat da egokiena. Ez! Azkenengoz ere hori antolatu genuen; hitzaldi bat hobe. Zer aspergarria; jendeak nahiago du tertulia. Akaso, kafea badago tarteko, gehiago elkartuko gara… Marketin enpresa bat dirudi honek. Zuetako askok ere jakingo duzue zein nekeza den norberaren (kasu honetan, taldearen) erabakiak ingurukoen iritziaren arabera hartzea. Guk joera honi esku-frenoa jartzea erabaki dugu.

Martxoaren 8an ez dugu manifestaziorik deituko, udalak egingo du hori oraingoan. Erabaki honekin ez gara errebindikaziotik aldentzen, ezta gutxiagorik ere. Inoiz baino gehiago arduratzen gaitu emakumeok bizi dugun egoera zaurgarriak. Erailketa matxistek, tratu txarrek, erakundeengandik jasotako utzikeriak… emakumeenganako erasoek gora eta gora egiten duten bitartean, ordea, gure jendartean krispazioa eta polarizazioa da nagusi.

Deba-Itziarko Talde Feministatik lanean jarraituko dugu emakumeenganako indarkeriarekin amaitzeko bidean, baina, akaso, orain beste modu batzuetan. Oraindik ez dakigu nola, baina, tira, frenoa jartzea da lehen pausoa. Tarte bat hartuko dugu gure artean hausnartzeko, eztabaidatzeko eta ditugun zalantzak argitzeko. Taldea sendotzeko bidean, ezinbestekoa baita saretzea eta gure artean elkar zaintzea.

Geuk behintzat horretan dihardugu orain. Beti bezala, guregana hurbiltzeko gonbita ere egin nahi dizuegu, noski. Bitartean, kaleetan ikusiko dugu elkar. Gora gu eta gora borroka feminista!