Deba eta Itziar lotzen dituen N-634 errepidearen bideetako bat itxita egongo da zortzi astez

Berriketan 2023ko mar. 22a, 12:36
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, apirilaren 17an hasiko dituzte errepideko zoruaren egitura birgaitzeko lanak.

Aldundiak emandako datuen arabera, Deba eta Itziar batzen dituen errepide zatiaren azalera berritu eta egiturari egokitutako errodatze geruza berri bat emango diote datozen asteetan. Azpimarratu dute prebentziozko jarduketa bat dela, “errepidearen bizitza luzatzeko”. Zehazki, N-634 errepidearen 38,350 eta 43,260 kilometro puntuen artean egingo dute jarduketa, hau da, Debako hondartzako tuneletik hasi eta Itziarko Hostal jatetxeraino doan tartean.

Lanak Asfaltia SL enpresari esleitu dizkiote eta aurrekontua 754.607,58 eurokoa da (BEZ barne). Aurreikuspenen arabera zortzi astean egingo dituzte lanak. Lanak hasiera batean bi epetan banatuta egitea aurreikusita bazegoen ere, epe bakarrean egingo dituztela jakitera eman dute. Lanek, beraz, apirilaren 17tik ekainaren 8ra iraungo dute. “Martxoaren 23tik martxoaren 31ra bitartean egin beharreko lanak bertan behera geratuko dira, asfalto planta konpontzeko lanengatik”, adierazi dute.

Lanak egin ahal izateko, 07:00etatik 22:00etara bitartean errepidearen bideetako bat itxita egongo da. Zehaztutako ordu tarte horretan aldizka joango dira errepidea ixten. Iragarri dutenez, noranzko bakarreko zirkulazioa semaforo bidez arautuko dute.