Bihar arratsaldean abiatuko da Fokupean Emakume Aktoreen Festibala

Emakumeek arte eszenikoetan duten papera balioestea helburu duen programazioari bihar emango zaio hasiera, EHAZE elkarteak antolatutako “Maringurua” solasaldiarekin.

Bihar, ostirala, EHAZE antzerkizale elkartearen eskutik, Maringurua: Karanbola Hirukoitza: Emakumeen Presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan liburuan oinarritutako solasaldi parte-hartzaile eta performancea hartuko du Kultur Elkarteak, iluntzeko 19:00etan.

Bi asteburu hartuko dituen programazioaren hasiera baino ez da izango, ordea. Larunbaterako, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanaren emanaldia dago aurreikusita; Kamikaz Kolektiboak eta TTAK Teatroak eskainiko dute saioa, 19:30ean, zumardiko karpan. Igandean, berriz, emakume helduentzako antzerki hastapen tailer bat egingo da, Debako GOAZ antzerki taldearen eskutik, 10:00etan, jubilatuen egoitzan. Ondoren, 12:30ean, Metrokoadroka konpainiaren Andrezaharraren manifestua izango da, zumardiko karpan.

Datorren asteko asteburuan izango du jarraipena GOAZ antzerki taldea eta DIT feministaren ekimenez antolatutako festibalak.