Bigarren ibilgailu elektrikoa erosi du Debabarreneko Mankomunitateak

Berriketan 2022ko urr. 11a, 11:46

“Aldaketa klimatikoari tokikotasunez erantzuteko eta trantsizio energetikoa sustatzeko” helburuz, hainbat funtziotarako balio duen bigarren ibilgailu elektrikoa erosi duela jakinarazi du.

Mankomunitateak eskualdean zerbitzua emateko erabiltzen dituen ibilgailuen gas isuriak neurtu zituen iaz eta, datuak aztertu ondoren, ibilgailuok isurtzen dituzten gas kutsatzaileak murrizteko Ekintza Plana diseinatu zuen. Bada, Ekintza Plan horren baitan erosi dituzte aurten bi ibilgailu elektriko, joan den maiatzean aurrenekoa, eta orain bigarrena.

Mankomunitatetik adierazi dutenez, hainbat lan lerro abiarazi ditu azken urteotan “Debabarrena jasangarriagoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa” izan dadin. Bide horretan, lehentasunetako bat da zerbitzuetan trantsizio energetikoa indartzea, kutsadura murriztuko duten politika berdeak sustatzeko.

Ibilgailu berriaren ezaugarriak. Goupil markako G4 L ibilgailua da. Elektrikoa da ehuneko ehunean eta hainbat lanetarako balio du, integratuta dituen bi kutxei esker. “Batetik, paperontziak, zaborra eta abar biltzeko kutxa irekia dauka, baita kale garbiketarako hidrogarbigailu gisa aritzeko ekipamendua ere (130 bareko presiodun ur-ponpa batekin eta 200 litroko ur-biltegiarekin); bestetik, gaikako paperontziak biltzeko kutxa multikonpartimentatua ere badu, lau atalez osatua: papera eta kartoia, ontziak, gainerakoa eta organikoa jasotzeko”, zehaztu dute.