Bertoko espezieen zuhaitz landaketa egingo dute Itziarren

Berriketan 2023ko mar. 23a, 15:12
Itsaspe auzoko Arantzako artadian landatuko dituzte zuhaitzak. Bertako basoa hedatu eta naturaren zaintza bultzatzea dira igandean (martxoak 26) egingo den egitasmoaren helburuak.

Udaberriaren etorrerarekin batera, zuhaitz landaketa antolatu dute elkarlanean Itziarko Auzo Udalak eta Lizarbe Guraso Elkarteak; Euskal Kostaldeko Geoparkearen, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Igandean (martxoak 26) egingo dute ekintza eta bertan parte hartu nahi dutenek hitzordua jarrita daukate: 09:00etan batuko dira Errotaberriko aparkalekuan. “Parte hartzaileak handik oinez abiatuko dira Arantzamendi eremuko lursailera. Ordu erdi inguruko ibilaldia egin beharko dute”.

Antolatzaileek jakitera emandakoaren arabera, iaz egindako landaketei jarraipena egin eta sortutako hutsuneak landare berriekin beteko dituzte. Horrez gain, eta baso eremua zabaltzeko eremuarekin, iazko landaketa eremuaren ondoan dagoen lursailean beste 100 zuhaitz landatzeko asmoa agertu dute. Honako espezieak landatuko dituzte: artea (Quercus ilex), gurbitza (Arbutus unedo), erramua (Laurus nobilis), elorri beltza (Prunus spinosa), urkia (Betula sp.), hurritza (Corylus avellana), haritza (Quercus robur), ametza (Quercus Pyrenaica).

Igandean egingo duten ekintzak hainbat helburu dituela nabarmendu dute. Horien artean honakoak aipatu dituzte: malda handia duen lurzorua sendotzea, baso autoktonoa pixkanaka indartu eta hedatzea (landatu gabeko eremuak betez), klima aldaketari aurre egitea eta haur, gazte zein helduak naturarekiko kontzientziatzea.

Edonork parte har dezake landaketan eta nork bere lanabesak (aitzurra edo antzekoak) eramatea eskatu dute, nahiz eta bertan tresna batzuk ere eskuragarri egongo diren. Parte hartuko dutenei, gainera, oinetako eta arropa egokiak jantzita joateko aholkatu diete. 12:30ak aldera amaituko dute ekintza. “Ondoren, parte hartuko dutenei mokaduren bat edo beste eskainiko zaie”.