Batzar Nagusietarako bozetan EAJ-PNV nagusitu da Deban

Berriketan 2023ko mai. 29a, 13:04
EH Bilduri boto bakar baten aldea aterata, foru bozetan alderdi jeltzalea izan da bozkatuena udalerrian, 1.238 herritarren babesa lortuta. Deba-Urola barrutian eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, ordea, EH Bildu izan da nagusi.

Duela lau urteko joera mantenduz, Deban EAJ-PNV izan da alderdi bozkatuena Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, guztira 1.238 boto eskuratuta (botoen %41,92). Hala ere, behera egin du 2019ko datuekin alderatuta, orduan 1.365 boto lortu baitzituen (bozen %43,62). Oso gertu ibili da EH Bildu azken emaitzetan, bigarren indar bozkatuena izan baita, EAJ-PNVrekiko boto bakar baten aldearekin; 1.237 boto izan ditu koalizioak, botoen %41,89, eta gora egin du orain lau urteko emaitzekin alderatuta, 21 boto gehiagorekin. Bestalde, PSE-EEk 194 boto izan ditu (bozen %6,57), Elkarrekin Podemosek 163 (botoen %5,52), PPk 43 (botoen %1,46) eta Stop-ek 22 (botoen %0,75).

EH Bildu nagusi Deba-Urolan eta Gipuzkoan. Foru bozetan EH Bildu izan da indar bozkatuena Deba-Urola barrutian. Zazpi batzarkide lortu ditu barruti horretan, duela lau urte baino bat gehiago; eta EAJ-PNVk, berriz, sei, aurreko agintaldian bezainbeste. PSE-EEk batzarkide bat lortu du Deba-Urolan, lehen zuen kopuruari eutsita. Halaber, Ahal Dugu-Ezker Anitza-Equo Berdeakek galdu egin du duela lau urte barruti horretan eskuratu zuen batzarkide bakarra.

Botoa ematera deituta zeuden herritarren %62,79 joan ziren atzo hauteslekuetara. Dena den, 2019ko hauteskundeekin alderatuta, 7,3 puntu jaitsi da parte-hartzea. EH Bilduk botoen %44,18 eskuratu ditu, %37,35 alderdi jeltzaleak eta %11,13 PSE-EEk.

Gipuzkoan ere errepikatu egin da Deba-Urolako joera. Gipuzkoako Batzar Nagusietan 51 batzarkide izango dira, guztira, eta horien erdiak baino gehiago izango dituzte EH Bilduk eta EAJ-PNVk. EH Bilduk duela lau urte baino bost batzarkide gehiago eskuratu ditu lurraldean; 22, guztira. Alderdi jeltzaleak, berriz, 17 izango ditu datorren agintaldian; aurrekoan baino hiru gutxiago. PSE-EEk, aldiz, bi hautetsi galdu ditu –bederatzi edukitzetik zazpi izatera igaro da–; eta, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza-Berdeakek bi galdu ditu –lau batzarkide zituen orain arte–. PPk, bere aldetik, bi hautetsi gehiago izango ditu hurrengo agintaldian: hiru.