Badatoz Olentzero eta Mari Domingi

Berriketan 2022ko abe. 22a, 14:53

Ate-joka ditugu Gabonak eta gaur, abenduak 22, Olentzero eta Mari Domingiren bisita izan dute Luzaroko ikasleek eskolan; bertan, haurren eskutitzak jasotzeko aukera izan dute, baita beraiekin solasean aritzekoa ere. Bi protagonistak hilaren 24an izango dira berriz ere Deban eta Itziarren.

Datozen egunotan, garaiotan ohikoak diren hainbat ekimen izango dira aukeran Deban eta Itziarren, eta jarduera guztiak ohiko moldera itzuliko dira, aurreko bi urteotako baldintza bereziak eta murrizketak albo batera lagata. Hori hala, aurten ez dira faltako, besteak beste, Olentzero eta Mari Domingiren bisitak, haurrentzako parkeak nahiz puzgarriak, magia ikuskizuna, erakusketa, musika emanaldiak, Errege Magoen kabalgata edota Urte Berriko Azoka.

Abenduaren 24an, larunbatean, Itziarren Gabon eskea egingo dute, 10:30ean. Eta, 18:30ean, Olentzero eta Mari Domingi izango dituzte bisitan. Deban, berriz, eguerdirako dago aurreikusita bi protagonistei harrera egitea. Plaza Zaharretik 12:00etan abiatu eta Simon Berasaluze plazara joango dira kalejiran; indarrak berreskuratze aldera, gainera, salda eta ogitarteko postua eta azken gutunak eskura emateko aukera ere egongo da gero, Foruen Plazan.

Askotarikoak izango dira abenduaren 23tik urtarrilaren 8ra bitartean egingo diren hitzorduak; Agendaren atalera jo daiteke egitarauaren inguruko informazio gehiagorako.