Alazne Txurruka Allika izango da EAJren alkategai Deban

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2023ko urt. 26a, 12:47

Herri batzarrak hautatu du Txurruka, eta gogotsu azaldu da “Deba hobeago baten alde” lan egiteko prest, “horrek duen erantzukizunarekin eta eskatzen duen prestutasunarekin”.

Alazne Txurruka Allika izango da EAJren zerrendaburua 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetan. Herri batzarrak aukeratu du Txurruka, eta esker oneko hitzak izan dituzte hautagaiarentzat, “Deba eta debarrekiko erakutsitako konpromisoagatik, eta lanerako duen jarrera eta ilusioagatik”. Alderdi jeltzaleak jakitera eman duenez, herriarekiko sentimendua eta lotura “barrutik” datorkio Txurrukari, eta horrek mugituta, herriak azken urteetan bizi duen egoerari “aurre egiteko gogotsu” azaldu dela ere aipatu dute.

Hautagaiaren hitzetan, “herri hobeago bat” merezi dute herritarrek, “aurrerakoia, berdintasunean eraikia, euskarari eta gure sustraiei lotua, turismoari irekia…”. Gaineratu duenez, Debak “bizitoki bat” baino gehiago izan beharko luke, eta bere izaera “berreskuratu”, inor atzean utzi gabe. “Pausuak eman behar ditugu, guztiontzako herria izan dadin, irekia eta abegikorra. Eta horretarako dudan onena eskainiko diet debarrei, gogotsu egingo dut lan, erantzukizunez eta halako kargu batek behar duen prestutasunarekin”.

Alkategaiari buruz. 1969ko urtarrilean jaioa da Deban, eta gazte baten ama da. Euskal filologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean eta Hizkuntza Plangintzako Graduondoko Diplomatura eta Bibliotekonomia Masterra ere baditu, azken bi horiek, EHUn ikasiak. Ibilbide profesionaleko aurreneko zazpi urteetan euskara irakasle izan zen, eta azken bi hamarkadetan Debako Ostolaza Udal Liburutegiko liburuzain modura jardun du. Tarte horretan, Udaleko Euskara sailean, Erabilera Planeko Teknikari ere aritu zen hilabete batzuetan.

Alderdi jeltzaleak hautagaiak “euskararekiko duen konpromiso irmoa” azpimarratu du haren adierazleetako bat modura. Horren adibide, Badihardu euskara elkarteko koordinatzaile gisa egindako lana eta EGA eta C1 aztertzaile modura egindako 20 urte baino gehiagoko ibilbidea nabarmendu ditu.