Alaitz Melgar Agirrek irabazi du XVII. Tene Mujika beka

Berriketan 2023ko urt. 13a, 11:39
Irakasle barakaldarrak neskame eta ama bakarra izandako bere amona zenaren bizitza ikertu nahi du Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolaturiko bekari esker.

Aurten bekara aurkeztu diren proiektu guztien artean Melgarrena onena dela ebatzi du Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak. Euskal Herriko historia hurbila arakatzeko proiektuak saritzen ditu bekak, fikziozkoak ez direnak, eta egileak azaldu duenez, bere amona zenaren bizitza ikertzeko baliatuko du beka. Urtebeteko epea izango du lana burutzeko, gero liburu modura argitaratu dadin.

Honakoa egileak argitaratuko duen lehen liburua izango da, eta zehaztu duenez, Josefa Agirre Etxeberriaren bizitzan sakontzeko aukera edukiko du bekari esker. Agirre 1927an jaio zen Azpeitian, eta garai hartako etxe txiroetako neska asko bezala, neskame joan behar izan zuen gaztetxoa zela. “Donostian etxea zuten espainiar aristokrata batzuen etxera joan zen neskame”.

Garai hartako euskal emakume askok partekatutako ohiko bizipenak izan ziren irabazlearen amonarenak, baina istorioak ezohiko osagaiak ere badituela jakitera eman dute: besteak beste, Ingalaterrara lanera joan izana, ezkondu gabe haurdun geratzea eta buru osasuneko gorabeherak tarteko, psikiatrikoan ere egin zituen bolada batzuk. Bere partikularrean balio unibertsala ere hartu nahi duen ikerlanari esker, “isilpean” geratzen diren istorio horietako bat argitara ekartzea lortu nahi du egileak.

Egileari buruz. Alaitz Melgar Agirre 1984an jaio zen Barakaldon eta Ingeles Filologiako gradua eta Berdintasun Masterra ikasitakoa da. Gaur egun, irakaslea da Iralen.