Abuztuaren 5ean odola emateko deia egin dute, oporraldian ere odol-premia asetzeko

Berriketan 2022ko uzt. 28a, 11:00
Uda sasoian odol-premia areagotu eta emaileak gutxitzen direla-eta, odola ematera joateko dei berezia egin dute Euskal Herriko Odol Emaileen bankuek.

Deban abuztuaren 5ean egingo dituzte odol-ateratzeak Luzaro ikastetxean. 16:30etik 20:30era bitartean arituko dira osasun arloko profesionalak lanean, baina antolakuntza lanak errazteko aurrez izena emateko eskatu dute elkartetik. Ordua eskatzeko 612 402 103 telefono zenbakira deitu behar da, abuztuaren 1etik 4ra (16:00etatik 20:00etara) edo bestela WhatsAppa idatzi.

Sasoi honetan ohi denez, dei berezia egin du Gipuzkoako Odol Emaileen bankuak, odola ematera joateko. Herritar ugari oporretara joaten denez, odol-erreserbak ziurtatu egin nahi dituzte, ospitaleetan odol beharra ez baita txikiagoa izaten uda izan arren. “Argi dago odola behar dugunean egotea nahi badugu, ardura denona dela. Kontua ez da-eta gutxi batzuek dena ematea, askok gutxitan eman behar izatea baizik”, adierazi dute Debako Odol Emaileen Elkartetik.

Bestalde, Euskadiko Odol Emaileen elkarteak bere webgunean eguneratzen ditu erreserba mailak. Horrela, noiz eta zein odol taldetako donazioak behar dituzten ikus dezakete herritarrek.