Abian da Tripontziak ekimen gastronomikoa

Berriketan 2021ko urr. 27a, 17:20

Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren eskualdeko zazpi jatetxek (tartean Itziarko Kanalak eta Salegik) eskainiko dituzte aurtengoan Tripontziak menuak; “kalitate handiko” menu bereziak izango dira aukeran, 28 euroan, egitasmoaren zazpigarren edizioa den honetan.

Iazko etenaren ostean, azaroaren 5etik 28ra bitartean egingo dute VII. Debabarrena Tripontziak ekimen gastronomikoa. Aurten ekimenera batu diren eskualdeko jatetxeek, bertako eta sasoiko produktuez baliatuz, proposamen gastronomiko “iradokitzaile eta ezberdinak” eskainiko dituzte prezio berezietan: Tripontziak Menuak 28 euroan. Prezio hori pertsona bakoitzeko dela zehaztu dute antolatzaileek. Erreserba egiterakoan “Tripontziak Menua” nahi dela adierazi beharko da, eta menutik kanpoko produktuak aparte ordainduko dira.

Helburu nagusi hauek ditu Tripontziak ekimenak: bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea, eskualdeko ostalaritza sektoreari bultzada ematea eta Debabarreneko establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak balioan jartzea.

Ondorengo jatetxeetan Tripontziak Menua eskatu ahal izango da, 28 euroren truke (ogia, edaria, kafea eta BEZa barne). Ikus menu guztiak elkarrekin, Tripontziak ekimenaren kartelean.

Lehiaketa eta Tripontziak amantala

Ondo jateaz gainera, sariak irabazteko aukera ere izango dute ekimenean parte hartzen dutenek. Horretarako partaidetza-kupoia eskatu beharko dute establezimenduan, eta harremanetarako datuekin bete beharko da hori, menua jaten den jatetxean entregatzeko. Parte-hartzaile guztien artean sariak zozketatuko dituzte: Debabarreneko bertako produktuez osatutako bi sorta eder. Era berean, lau jatetxe desberdinetako menuak dastatzen dituztenek Tripontziak amantal esklusiboa jasoko dute.

Informazio osoa ondoko atarian: debabarrenaturismo.com