Abian da martxoko Deba-Itziar Bira lehiaketa

Berriketan 2022ko mar. 15a, 17:07

Debako Udalak, Burdin Kurutz Mendi Taldeak eta Zuhatza Euskara Elkarteak elkarlanean antolatutako Bira lehiaketaren martxoko edizioa abian dago jadanik. Apirilaren 7ra bitartean egongo da bertan parte hartzeko aukera, eta Flysch markako txakolinaren botila sortak daude jokoan.

Lehiaketaren antolatzaileek jakinarazi bezala, Flysch markako txakolinaren sei botilako bost sorta banatuko dira martxoan erantzun gehien asmatzen dituztenen artean; eta, parte hartzaile guztien artean, berriz, Flysch markako txakolinaren hiru botilako beste hamar sorta zozketatuko dira. Apirilaren 7a izango da erantzunak bidaltzeko azken eguna. Parte hartzeko, klikatu ondorengo estekan.

Bestalde, otsaileko lehiaketaren irabazleak iragarri berri dituzte. Sari nagusia (MyMoon markako produktu sorta) Roke Arantzamendik, Irene Aizpitartek eta Laura Aldabaldetrekuk lortu dute. Ondorengo hauek izan dira gainontzeko sarituak: Itziar Larrinaga, Teresa Etxebarria, Miren Itziar Galarraga, Manex Astigarraga, Mikel Sagarna eta Alazne Txurruka.