2022ko aurrekontuen onarpenaren balorazio positiboa egin du Itziarko Auzo Udalak

Berriketan 2022ko urt. 11a, 13:15

Egungo egoerak baldintzatuta, ohiko gastu orokorren ondoan zaintza eta zerbitzu sozialek izango dute lehentasuna

Bere seigarren aurrekontuak ditu hauek Itziarko Auzo Udalak, joan den abenduaren 21ean Debako Udalak 2022ko udal aurrekontuak onartu eta gero abenduaren 30ean Itziarko bilkuran berretsi ondoren. Aurrekontuak garaiz eta kontrakotasunik gabe onartu izana positiboki baloratu dute Itziarren. Auzo udaleko ordezkarien esanetan, «bizi dugun egoera orokorra zaila izanik, badu bere garrantzia urtea adostasunez eta asmo berriz abiatzeak», izan ere gogora ekarri dute aurretiaz urteroko aurrekontuaren negoziaketa izaten zela konponezinaren iturri.

Ildo horretatik azpimarratu dute urtetik urtera aurrerapausoak ematen joatea «ezinbestekoa dela, nahiz eta oraindik badiren hainbat desoreka hobetu beharrekoak». Aurrekontuak lantzerakoan, 2020an sinatutako «Debako Udalaren eta Itziarko Auzo Udalaren arteko eskumen araubidea arautzen duen administrazio hitzarmena» lagungarria izan dela aipatu dute, «auzo udala sendotze bidean denaren adierazle».

Egun bizi dugun pandemiak eragindako errealitateak baldintzatu ditu iazko aurrekontuak bezala 2022koak ere. «Herrian ditugun lehentasunak ezartzerakoan premiak aldatzea ekarri digu, eta hainbat prozesu bertan behera utzi behar izan ditugu», diote. Horren adibide da urteotako aurrekontuak lantzerakoan herritarren ekarpen ildorik garatu ez izana. Ezohiko egoera gainditu ahala berriro lehengo dinamika parte-hartzaileak sustatzea litzateke Itziarko Auzo Udalaren asmoa.

3/2015 Foru Dekretuak araututakoaren arabera, urtero Debako Udalaren aurrekontu orokorrari ezartzen zaion formularen bidez, aurtengoan 1.032.561 euroko kopurua dagokio Itziarko Auzo Udalari. Udal aurrekontu orokorretik portzentaian egokitu ohi den kopuruaz gain, aparteko partida gehitu zaio entitate txikiaren aurtengo aurrekontuari, 146.000 eurokoa hain zuzen ere. Debako udal langileek Itziarko Auzo Udalari eskainitako lan portzentaiak ordaintzeko onartu da kopuru hori. Harrera bulegoko astean zeharreko lanpostuaz gain, astean bi egunetan AOT bat eta aparejadorea aritzen dira Itziarren, %50eko jardunean. Kontu-hartzailea, idazkaria, eta brigadako langilearen lan portzentajeak ere kontsideratzen ditu aipatutako kopuruak. Langile horien ordainak aurten aparteko partida baten bidez konpondu badira ere, Foru Dekretuak zehazten duen portzentaje-irizpideen arabera baliatu beharko liratekeela uste dute auzo udaletik, «datozen urteetan irtenbide zuzenagoa emango zaielakoan».