125 kilo plastiko eta 71 kilo errefusa batu dira ‘Ur (h)ondoa garden’ sentsibilizazio kanpainari esker

Berriketan 2022ko urr. 11a, 13:34

Arduradunen iritziz, hondakinei buruzko kontzientzia lantzeko balio izan du sentsibilizazio kanpainak.

Debako Udalak herriko hainbat eragileren eta herritarren laguntzarekin abiatutako kanpaina udan gauzatu da. Ekimena, zehazki, herriko ur eremuei buruzko kontzientziazio lana egin eta inguru horietako hondakinak jasotzeko helburuarekin abiatu da. Sentsibilizazio kanpainari buruzko balorazio ona egin dute arduradunek. “Helburua lortu dela esan daiteke. Izan ere, plastikoaren erabilerari buruz zer pentsatua eman zaie herritarrei eta kanpoko pertsonei”.

Askotariko ekintzak egin dituzte. Besteak beste, garbiketa saioak, bisita gidatuak, dantza eta musikarekin osatutako ikuskizuna edota sentsibilizaziorako komunikazio euskarriak egin dituzte, eta ur eremuetako hondakinak biltzeko, gainera, Willy Berasaluzek material birziklatuekin egindako bi eskultura ere ipini dira. Jasotako hondakin kopurua “deigarria” izan dela esan dute. “Egindako hiru garbiketa saioetan espero baino hondakin gutxiago jaso da; 125 kilo plastiko eta 71 kilo errefusa batu dira. Beraz, esan daiteke itsasoak uda honetan ez duela zakar handirik eduki”.

Hondartza erdia lau egunez garbitu gabe uzteak “eztabaida” sortu zuela azaldu dute

Hondartzako biodibertsitatea ezagutzeko bisita gidatuek ere harrera ona eduki dutela adierazi dute. “Parte hartu duten pertsona gehienak Euskal Herrikoak izan dira. Debako ikasleek ere Luzaro ikastetxearen bitartez itsasadarra eta hondartzako biodibertsitatea ezagutzeko bisita pedagogikoak egin dituzte, beraz, gure inguruko altxorrak ezagutzen dituzte dagoeneko”.

Hondartza erdia lau egunez garbitu gabe uzteak, berriz, “eztabaida” sortu zuela azaldu dute. “Egun eguzkitsuak izan ziren, eta hondarretan zehar sakabanatutako hondakinak (plastikozko botilak, latak, ontziak) ikusteko aukera egon zen. Bigarren eta hirugarren egunean, hondartzako ohiko erabiltzaileek hondakin horietako batzuk jaso zituzten. Egun horietan ikusi zen oraindik ere lan handia dagoela kontzientziazioan“.

Parte hartzearekin ere pozik agertu dira; 860 pertsonak parte hartu dute bateko eta besteko ekintzetan. “Antolatu ditugun ekintzetan tokiko hainbat eragilek parte hartu dute, bereziki, Luzaro ikastetxeko ikasleek eta irakasleek, Amilaitz eta Debakayak elkarteak eta, oro har, herritarrek. Herritik kanpo, Eibarko eta Realeko urpekaritza elkarteek ere parte hartu dute”.