Arnasestuka

Erabiltzailearen aurpegia Unai Lekube 2024ko abe. 26a, 09:13

Ohetik altxatu berri eta, ze kristo...? Ezin lasai gosaldu, gorputza dardarka, egonezina, mugikorrean albisteak irakurtzen saiatu eta ezin bi esaldi irakurri atzera bota eta hurrengoari klik egin gabe. Ez galdetu notiziei buruz, modu automatikoan noa eta ez dut tutik ulertu. Esaten nuen ba nik esnatu bezain pronto lehenengo burutapena laneko ez dakit zer kezka edo honekin eta harekin izandako istoriora joan zaidala. Ariketarik sinpleena egiteko ere pazientzia galduta nabil. Bat-batean, kotxean nago lanera bidean. Kasu egingo nion ba bikoteari etxetik irten aurretik? Dudarik gabe, auzo erdi gurutzatu eta garajerako aldapatzarra igoko nuen hemen barruan banago... Eguna hasi baino ez da egin eta dagoeneko arnasestuka... Ni al naiz hau gertatzen zaion bakarra?

"Zorionez, lezio garrantzitsu bat ikasi nuen; antsietatea, nonbait, gizakiak berak etorkizuneko ziurgabetasunari jartzen dion defentsa sistema da"


Zein txarra den antsietatea. Tontakeria txikiena edo beldur ñimiñoena ekaitz beltzena bihurtuko duen bidelagun higuingarria da. Bidelaguna esan dut, bai, honekin bizitzen ikasi behar izan dudalako. Hor baitago, deskuidatzen zarenean segituan gogorarazteko beldurrak eta egonezinak hor daudela. Baina badakizue zer? Etsaia identifikatuta daukagu. Ni neu naiz. Zorionez, lezio garrantzitsu bat ikasi nuen; antsietatea, nonbait, gizakiak berak etorkizuneko ziurgabetasunari jartzen dion defentsa sistema da. Zalantzen aurrean, okerrenean jarri eta kito. Orain badakit zer gertatuko den, baina ordainean kezka eta beldurra batu dira festara.

Eguneroko erritmoak gure izatetik deskonektatzera garamatza. Bizitza honetara ez gara sufritzera etorri, baina ez gaizki ulertu, ondo baitakit mundua ez dela arrosa kolorekoa. Arazoak hor egongo dira, baina bu-rua horietan jartzeak ez ditu urrunduko. Zentra gaitezen eguneroko gauza txikietan, egiten ari garen horretan. Izan momentua, gozatu zure buruarekin, hau abentura bat da eta nik argi dut jokatzera etorri garela.