GUTUNA

"Behin betiko. Konponbidea, elkarbizitza, bakea"

Erabiltzailearen aurpegia Sare Deba 2024ko abe. 26a, 10:22

Azken hamar urte hauetan egin bezala, konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen alde lanean jarraituko dugu, indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorioei benetako irtenbide integral bat eman arte. Ibilbide honetan, premiazkoa da orain behin betiko irtenbide justua ematea euskal preso, erbesteratu eta deportatuen gaiari, bai eta tratamendu justua ere indarkerien biktima guztiei.

Behin betiko konponbidea. Konpontzen ez diren arazoak gaiztotu egiten dira, gizartearen elkarbizitzan arrakala sakonduz. Arazo horien artean nagusietako bat euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenak dira, haien eskubideak urratzen jarraitzen dutenak.

Behin betiko elkarbizitza. Espetxeen, erbesteratuen eta deportatuen auziari konponbide justu bat topatzea eta gure herrian sufritu ditugun indarkeria guztien biktimei aitortza eta babesa ematea dira elkarbizitza lortzeko gako nagusiak.

Behin betiko bakea. Indarkeriarik ez egotea ez da nahikoa gure herrian konfrontazioak utzi dituen bidegabekeriak bukatutzat emateko. Azken hamarkada honetan euskal gizarteak erakutsi du posible dela askatasunean bizitzea eta aurrera egitea, iragana ahaztu gabe, baina gorrotoan tematu gabe. Saren agertoki hori lortzeko lanean jarraituko dugu eta bake justu bat lortzea galarazten duten korapiloak askatzen ahaleginduko gara aurrerantzean ere.

Helburu horiek lortzea guztion kontua da. Eskubideez ari gara, giza eskubideez, eta hori da, hain zuzen ere, hurrengo mobilizazioetan aldarrikatuko duguna. Abenduaren 20an mobilizazioak izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, gehiengo sindikalarekin batera. Abenduaren 27an, 19:30ean, elkarretaratzea egingo dugu Deban, Foruen Plazan. Eta urtarrilaren 11n, berriz,  manifestazio nazionala izango da Bilbon, Behin betiko lelopean, 17:00etan (autobusa antolatuko dugu Debatik). 

Euskal preso, iheslari eta deportatuak behin betiko etxera!