"Antifaxismoa, emakumeon askapenerako borroka"

Erabiltzailearen aurpegia Sara Arin 2025eko abenduaren 9a

Azkenaldian egunkarietako lerroburuak bete dituzten bi gertakariren inguruan hitz egin nahiko nuke; Iruñeko karpa unibertsitarioan izandako talde bortxaketaz eta mugimendu antifaxistak Vito Quiles pseudokazetari faxista Iruñeko campusetik kanporatzea lortu izanaz. Bi gaiek zer lotura eduki dezaketen galdegingo diozue zeuen buruari agian; bada, badute eta handia gainera.

Bi gaiek zer lotura eduki dezaketen galdegingo diozue zeuen buruari agian; bada, badute eta handia gainera

Izan ere, aipatutako gertakarien  ostean, hainbat izan dira mugimendu antifaxista modu batera edo bestera seinalatzera iritsi direnak. Voxeko liderra den Abascalek faxismoari aurre egin eta talde bortxaketari erantzun ez izana leporatzen die gazteei. Alderdi ultraeskuindarrari, ordea, gutxi axola zaio indarkeria matxista eta auzi hau talde bortxaketako erasotzaileen nazionalitatean zentratzeko, immigrante ilegalak jopuntuan jartzeko eta posizio arrazistak indartzeko erabili du, besterik ez. Bestetik, badira borroka antifaxista emakumeen askapenerako borroka ez dela esatera iritsi direnak ere eta antifaxismoa maskulinitatea, futbola eta gimnasioaren subkulturarekin lotu dutenak.

Iritzi hauek, ordea, ideologia faxisten gorakadaz eta horrek emakumeentzat dakartzan ondorioez hitz egin beharrean, mugimendu antifaxistaren iruditegi oker bat zabaltzen dute. Ez al du ultraeskuinak abortuaren aurka egiten, indarkeria matxista ukatzen eta emakumea subjektu prekarizatu moduan erreproduzitzen? Faxismoari aurre egitea, beraz, emakumeon auzia ere bada. Premiazkoa zaigu kaleak hartzea; faxismoaren eta matxismoaren aurrean, emakumeak lehen lerrora!