Ekaina iritsi da eta irakasleoi ere badagokigu, besterenak epaitzeaz gain, egindakoez eta ez egindakoez hausnartzea. Lehen kolpean, tentagarria da, gure miseriei izkin egite aldera, etsai prefabrikatuen kutxatik aitzakia bat aukeratzea: guraso petralak, ikasle alferrak, lan-baldintzak eta greba-sindikatuak, pantailak eta smartphoneak... Horietako edozein hartu eta dozenaka zutabe idatzi ahalko nituzke guztiaren errua horretxeri botaz.
Baina ez. Goizero urdaiazpikoa janez gosaltzen dugun langile publikook zor diogu geure buruari autokritikarako betatxoa. Arduraz bizi baitut irakaskuntza-lana; nire lanarekiko arduraz, esan nahi dut. Eta aurtengoa ikasturte petrala izan dut: lorpenak lauso, erantzunak urri eta zalantzak hamaika. Ahor, ebatzi ezin izan ditudan batzuk.
"Goizero urdaiazpikoa janez gosaltzen dugun langile publikook zor diogu geure buruari autokritikarako betatxoa. Arduraz bizi baitut irakaskuntza-lana; nire lanarekiko arduraz, esan nahi dut"
Lehena: zerbait ikasi al dute ikasleek? Sentipen garratza eragiten dit galderak, eta erantzunak zer esanik ez.
Segidan, bigarrena: onaren hobe beharrrez, dagokion adinerako aurreikusitako konpetentziak lortzeko ez gaitasun ez espektatibarik duen ikasleari behin eta berriro azterketak eginaraztea zer da, ikasleari aukerak ematea ala bere burua eta inguruko guztiak engainatzea? Bestela esanda, ez al da ikaslea gaur frustratu ez dadin biharko depresiora bultzatzea?
Hirugarrenik: etenik gabe gaztelaniaz ari diren eta euskararekiko estimu-imintziorik egiten ez duten ikasleei euskaraz jardun dezaten etenik gabe txapa ematea (bakarren batzuk euskararen kontrako fanatiko bihurtzeraino) eraginkorra al da? Ala ez dugu hobe izango euskaraz prepezioz ikasi nahi (eta ahal) dutenei euren espazioa, babes eta arnasgunea ematea?
Laugarrenik, aniztasuna hitz madarikatua da; kontu zimela. Inolako ekarpenik egin al diet nik ez erdaraz ez euskaraz hitzik egiten ez dakiten mutiko txinatar eta neskato pakistandar euskadiratu berriei?
Bosgarrenik, ongizate emozionala berriketarako ponpoxoa da, baina, erreferentziazko irakasle bezala, ama galdu berri duen ikasle nerabeari benetan lagundu al diezaioket eguneroko zermoduzzaude eta lorikeginalduzu galdera gupidatsuak egiteaz gain?
Ikasleak ez, eta neure burua gehiago estutu beharko dut hurrengo ikasturtean.