Debatea

Erabiltzailearen aurpegia Rikardo Idiakez 2021ko mai. 21a, 18:48

Bakarren batzuk pozik egongo dira, agian, iritzi publikoa deritzon horren pean nagusi dugun ezerezaren hausnarrari begira. Lehen ere zimel samar genbiltzanean, gaixoaldiaren beldurraren beldurrez, bozgorailuetatik entzuten ditugun mezu errepikakorrekin elkarri mokoka aritzera soildu dugu gure esperantza.

Ez dira inoiz garai onak izan ekidistanteontzat. Kuriosoa da, aldiz, urte luzeetan besteri sistematikoki ausardia falta egozten jardun duten horiek zeinen nabarmen dabiltzan, horren kikil, horren ikarati, mainstream-aren babespean.

Beldurra berezko dugu ordea, eta jasaten ari garena ez da harritzekoa, bai, aldiz, kezkagarria: ditxosozko birusa sekulako pagotxa bihurtu zaie bakarren batzuei. Ez beldurra hezurretaraino sartu digutelako (soilik), gaitzak sendagai bakar eta ahalguztiduna duela sinestarazi digutelako baizik. Eta ez naiz birusaren gaitzaz ari: ertzik ametitzen ez duten egia absolutuen gailentzearen gaitzaz ari naiz.

Erraietarainoko ikara eragiten dit debate sozialean eman dugun atzerapauso itzela ikusteak, pentsamendu kritikoa hutsaren pareraino ekarrita, gero eta lubaki atomizatuagoetan, itota, titular masiboen bueltan, hitz eta pitz.

Izango da esperantzarako ahotsik, bai, baina ondo ezkutarazi zaituztete, alajaina: debate sozialaren muina “Pfizer ala Astrazeneca” dikotomiara mugatzeraino. Benetan inportantea zaigun horri bizkarra emateraino.

Agian, iritsi da ekidistanteon garaia.