Egoskor gabiltza uneoro gure identitatea zein eta nolakoa den justifikatu nahian. Ni naiz halako eta zu nolako; ez naiz ni, aldiz, gisa hartako eta zu, bai. Ez duzu hau egiten, beraz, hori zara. Nik besteko egiten dut eta, bai, banaiz.
“Kafea onuragarria da gizakiontzat, betidanik esan dutenaren aurka; hala dio AEBetako Ustezabal Unibertsitate txit gorenak egindako azken ikerketak, % 83ko ziurtasuna bermatzen duen algoritmo berritzailea erabiliz egin duten ziber-herri-galdeketa parte-hartzailean ere oinarrituz”.
Kafeak inporta ez badizu ere, trankil; aldatu subjektua eta erabili esaldi bera. Yoga, gazta, pintalabiosa, GKS, baraua, bizikletan ibiltzea, alferkeria, feminismoa, rooibos-a, egur-taila, maracuya, larrialdi klimatikoa edota goizean jaiki eta okurritzen zaizun lehenengo kontzeptua. Guztientzako argumentuak erosgai daude Googlen (edota udaletxeko arkupean).
Epairik epai, egunean zeharreko konbertsazioak bata bestearen atzetik kateatzen ditugu iritzi subjetiboak jaurtiz, gaudenean gaudela adierazi nahi etsigarriz.
Izan ziren garaiak nor izateko baserri, lur sail edota sabel emankorren baten jabe behar zuela izan batek, baina joan ziren garaiok eta, gaur, ezin inor izan aldarri sendo baten ugazaba -eta gatibu- ez denak. Zertarako bizi, bestela?
Beste alde batera begiratu behar honek kondenatuta gauzka aldarrigintza patologikora, benetan inportantea den horri begiratzeko ikaraz. Sentitu ezin, trankil bizi ezin.