Burgeskumeok, egin dezagun jolas. Ezkertiar ustekook ere lasai, ez apuratu, guztiok har dezakegu parte.
Joko-arauak bi dira.
Lehenengoa, zerrenda bat egitea, hauexekin: norbere etxeko urte osoko gas, elektrizitate eta ur-kontsumoa zenbatu eta erdira jaitsi. Euskadi tropikalean ez dugu hozketa handirik, Fagor Elektrogailuen kooperatiba itxi zen aspaldi eta astean bi aldiz dutxatzea nahikoa da elkarbizitza sanoa bermatzeko. Hil osoko jan-edanen zerrenda egin eta erdiak ezabatu; ez gara gosez eta egarriz hilko, ez. Etxean kotxe(et)an gastatzen duguna erdira jaitsi; bi kotxe baditugu bat saldu edo oparitu eta bakarra duzuenok hilero egindako kilometro-ilada erdira ekarri (bai, autobuserako txartelak erdi prezioan daude oraindik). Online-erosketekin zorrotzagoak izango gara: akabo, bapo; Belgikatik ez dago ezer ekarri beharrik. Janzkiekin, berriz, erdira ez, urte osoan arropatan gastatzen duguna laurden batera murriztu beharko dugu; etxeko ispiluak erretiratu eta akabo lotsak. Bukatzeko, neurri polemikoena: taberna eta jatetxetako gastua erdira (bakarrik) jaitsi; eta bai, ez da horren zaila, egungo gazte gehienek lortu dute (halabeharrez) eta gerriko minez gaudenoi errekondoko petrilean eseritako kale-edanaldiak ez digu ondoezik areagotuko. Hipotekak ez ditugu ukituko, ez; gai sensiblea litzateke bestela herentzian etxea jaso duzuenokin sasi-eztabaidan hasteko.
Bigarrena: ezin da ezer kontatu, ezin diogu inori mundua salbatu izanaren balentriaren berri eman, ezta instagramen publikatu ere. Egin eta ixildu.
Sinetsita nago lehen araua uste eta desio izan baino aiseago bete genezakeela; bigarrenarekin, baina, galtzak bete lan.