Garai batean, gizonezkoak gauez, etxerako bidean, beldurra uxatzeko txistua joz joaten ziren. Ba omen zegoen bat bi ahots (lodia eta fina) egiten zituena, bi pertsona zirela pentsarazteko.
Baserrietan esaten zen ijito zuria zela okerrena: ijito beltza pasa eta gero auzokoak oilo bat edo beste beti sartzen zuen-eta zakura.
Igande gauetan, kaleko mutila ba-zen neska-laguntzen, erruki!, bidezidor estuenean lanabes puntazorrotzak gora begira ipintzen zituzten-eta baserrietako mutilek, eta gero harrika edo oihuka beldurtzen zituzten kanpotarrak, “neska-lapur” ziren-eta baserritarrentzat.
Oso baliagarri izaten ziren bitan banatutako ateak; barrua aireztatzeko, abere edo baimen gabekorik ez sartzeko, edo neska-mutilak agurtzeko, atearen behealdea ireki gabe.
Garai hartan, inguruko teilape batean, txerri-kaiola zeukaten. Goizalde batean, lagun talde batek zeharo mozkortuta zegoen laguna bertan utzi zuten atea itxita. Goizean goiz, kristoren garrasiak entzun ziren auzoan, nola zitekeen “txerri kaiolan piztia bezala egotea auzoko mutila!”. Gurasoek belarrondoko ederrarekin bidali zuten ohera egun hartan semea.
Jai arratsaldeetan tabernan mutilak telebistan futbola ikusten egoten ziren, eta neskak kalean jira eta buelta, gorroto genuen futbola. Garai berriekin, ordea, taberna batean mahaia libre lau eserlekurekin behin. Zer poz! Baina kafesnea hartzen ari ginela mutilek ikusi eta irainka hasi zitzaizkigun…
Mojek, eskolan, “¡las rodillas juntas!” zioten. Bagenuen, ordea, lagun bat ezin zituena belaunak elkartu… Soka-saltoan ere gonari ezin behean eutsita ibiltzen ginen, eta soka hanka-tartean trabatzen zenetan… hura bai drama!