Gai honek kristoren jakin-mina sortzen dit. Irakurtzen eta irakurtzen hasi nintzen. Lehen ere bagenuen arren, orain ederra datorkigu. Adimen naturala existitzen al da gure artean? Gogoratzen dut bazela gizon jator bat gure herrian. Aurrerapen bat sumatzen zuenean, hark zera esan ohi zuen: “Alferrik ibiliko dira, ezingo dute jakin nik zer pentsatzen dudan momentu honetan!”, eta barre egiten zuen. Horretara iristen baldin badira, akabo nire kezka, sekretu eta amets goxoak. Gure aurrekoei aspaldi entzun izan nien esaten aurrerapenak oso onak direla, baina kontuz ibiltzeko, gertu-gertu daudela atzerapenak ere.
Duela denbora gutxi gertatu zitzaidan. Lau gurpileko tramankuluan etxera bidean nindoala txakur bat ikusi nuen “deskarga egiten”. Jabea mugikorra belarrian jarrita zihoan, ez ikusiarena egiten eta, bere eginbeharra erraztu nahian, leihotik eskua atera eta jaso beharrekoa non zeukan seinalatu nion. Orduan, oso azkar, jasotakoa eskuekin hartu eta… (plasss!) kotxearen atzeko ateko kristalean itsatsita utzi zidan (kaka)… Beste behin, leku berean, erdiko hatza atera zidan beste batek, begiratu
egin niolako.
Hondartzan txakurrak sartzeko debekua jaso ondoren, hamazazpi kontatu nituen, denak pozik eta gustura, ama bat izan ezik, bere ume txikiaren zapatilak eta behatz tarteak “mondongoz beteta” zeudelako. Nire jakin-mina asetu nahian, ikasketa eta titulazio askoko “listo” bati galderak egiten hasi nintzaion. Baina bueltan jaso nuen erantzuna oso motza eta xumea izan zen, sinestezina: lehengo lapikoko kafearen eta oraingo kapsulako kafearen arteko aldearekin konparatu zidan inteligentzia artifiziala. Datorrena datorrela, gure euskara sekula ez baztertzea litzateke nire gogo bakarra.