Amaitu berria dut Mikel Ayestaranen “Jerusalén, santa y cautiva” liburua. Beasaindarra jaiotzez, Hiri Santuan bizi izan da azken sei urteotan bere emazte azpeitiarrarekin eta seme-alabekin. Nabaritzen da kalez kale ezagutzen duela hiriburua eta kontaktu asko dituela bertan. Hiri Zaharretik berehala dagoen Musrara auzoan dute etxebizitza eta hortik hurbil dago judutar ultra erlijiosoen Mea Shearim auzo sonatua, duela bi urte alde batetik bestera gurutzatu genuena “Ambassador” hotelera bidean.
“Yerushalayim” edo “bakearen hiri” judutarrentzat, “Al Quds” edo “santua” musulmanentzat; hiriak Ayestaranen maitasun-aitormena jasotzen du amaitzerakoan, eta urteotan emandako guztia eskertzen dio. Presentzia berezia dute hirian hiru erlijio nagusiek: islamak, judaismoak eta kristautasunak. Iraganak hain garrantzi handia duelarik, kilometro karratua besterik ez den Hiri Zaharrak judutarren presio gogorra jasaten du, bertako jaun eta jabe egitea baita beren azken helburua, Tenpluaren Mendia bereganatzea amets.
Kuriosoa egin zait Jerusalemeko familia antzinakoen historia eta presentzia ikustea mendeetan zehar; armeniarrak, koptoak, eta musulmanak dira, besteak beste, eta badituzte bertan liburutegiak, kafetegiak, artisau-tailerrak, argazki-dendak eta abar. Testigantzen arabera, horietako batzuk nahiko etsita dabiltza, judutarrek aurrera egiten baitute. Kristau gehienek ere, palestinarrak izanik, atzerrira jo dute (egun ez dira % 1,7 besterik). Merezi du Ayestaranen liburuak, dokumentatua, jantzia eta atsegina baita.