Duela urtebete inguru kaleratu zuen Juan Pagolak, kazetaria eta Deustuko Unibertsitatean komunikazio gaietan irakasle denak, bere osaba Jose Antoniori buruzko elkarrizketa liburua. Interesgarria benetan. Buru argikoa, langile porrokatua, irribarre sanoduna eta umore onekoa, elizgizon ezaguna dugu Jose Antonio, hogeitaka urtetan gure elizbarrutiko bikario nagusi izan baitzen eta hainbat hitzaldi eman eta ospakizun burutu baititu gure parrokietan. Donostian bizi da gaur egun, baina Añorgakoa dugu jatorriz. Apaiz ordenatu ondoren, Erromako Gregoriana Unibertsitatean eta Institutu Biblikoan ikasiko zuen, baita Jerusalemen ere (L’École Biblique et Archéologique Française).
Itzultzean, irakasle lanetan arituko zen Donostian eta Gasteizen, gero seminarioko erretore izanez eta, azkenik, bikario nagusi. On Jose Mª Setienekin batean, Vatikano II.aren espiritua eta proposamenak Gipuzkoako elizan txertatzen eta bultzatzen saiatu zen. Narratzaile eta komunikatzaile aparta, zenbat gizon-emakumek irakurri ote zuten hogeita hamahiru urte luzez igandeetan Diario Vasco egunkarian publikatzen zuen Ebanjelioari buruzko zutabetxoa? Honezaz gain, lan eta liburu ugari kaleratu ditu, horien artean ezagunena Jesus: hurbilketa historikoa izanik, dozena bat hizkuntzatara itzulia.
Galileako laku ertzean pasatako asteek eragin berezia izango zuten bere bihotzean eta, ordutik, Jesusengana itzultzen den Eliza baten ametsari eutsi dio, nazaretarraren irudia eta mezua bizitzen eta hedatzen saiatuz asper gabe. Baditu 86 urte, baina hor dirau, gure gizarte eta Elizaren gorabeherak argitasunez jarraituz, bere ekarpena egiten jarraituz eta jarrera itxaropentsuaz biziz.