Galizia aldean eta Santiagon, bereziki, izan berriak gara. Urte Xakobeoak eraman gaitu haraino. Ezaguna denez, Santiago apostoluaren jaieguna igandean egokitzen denean ospatu ohi da eta, hori kontuan izanik, iaz ospatu beharrekoa zen, baina pandemia zela eta ez zen posible izan. Hori horrela, 2022. urtera pasa eta tartea luzatzea erabaki zuten. Bi urteko etenaldiak ez du jendea Santiago bidetik atzeratu, ordea; erromesez jantzita agertzen dira Compostelarako bideak. Horren testigu gara Itziar eta Deban, eta zer esanik ez Donejakuera iristean.
Santiagorako bideaz hitz egin ohi dugu, singularrean, baina bide hauek guztiak aipa ditzakegu: bide primitiboa edo antzinakoena, frantziarra, iparraldeko edo kostaldekoa, portugaldarra, zilarraren bidea eta britainiarra.
Santiagora iristean, elkargune nahitaezkoa bihurtzen da guztiontzat Obradoiroko enparantza nagusia (plaza erraldoia, dotore eta kosmopolita). Eta hura inguratuz katedralak, Raxoi jauregi edo udaletxeak, Errege Katolikoen ospitale-ostatuak (gaur egun paradore nazionala) eta Unibertsitateko San Xerome ikastetxeak. Ondoren, ezin gelditu apostoluari eskainitako katedral erromanikoa bisitatu gabe, eta bertan, euskaldunen kaperara sartu-irten bat egin, eta Mateo maisuak egindako Aintzaren Portikoa (mundu mailan hain ezagun den berriki berriztatutako obra bikaina) kontenplatu. Fededun izanez gero, egunean zehar erromesentzat ospatzen diren ospakizunen batean parte hartzeko aukera dugu, eta zorte pixka batekin amaieran botafumeiroa martxan ikustekoa. Erromes frantziar batek zioenez, “utopiak, iraultzak eta beste hainbat kausa kolokan daudenez, erromesaldiek behintzat badiraute”.