Dirua krisien eragile

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Arrizabalaga 2025ko mar. 7a, 09:29

Ez dakit beste inori gertatzen zaion, baina niri azkenaldi luzean berriak ulertzea ikaragarri kostatzen zait. Sarri entzuten diot jendeari Gaur Egun ezin dela ikusi, berri txarrak besterik ez dituztelako ematen. Urteak dira telebistarik ez dudala, eta sareetatik jasotzen dudana ez da hobea.

Astrologoek diote 2025a tsunami urtea izango dela, suntsitzailea; orain arte baino gehiago suntsitu behar bada, ez dakit zer geratuko den zutik. Beno, bai, seguruenik haize errotak. Energia beharra eta txikizioa lotzen dituzten berriak ia egunero ditugu mahaian: mendi eta naturaguneetan pista zabalak eraikitzea, abeltzaintza eta nekazaritzako lurrak eguzki panelez estaltzea, ehunka urtetako olibondo sailak desjabetzea eta zuhaitzak moztea, "denon onuraren" babespean elektrizitatea sortzeko plakentzat; Geoparke izendatutako naturaguneak, ehunka zuhaitz-espezierekin, parke eoliko bat egiteko baliagarriagoak dira orain.

"Astrologoek diote 2025a tsunami urtea izango dela, suntsitzailea; orain arte baino gehiago suntsitu behar bada, ez dakit zer geratuko den zutik. Beno, bai, seguruenik haize errotak"

Badirudi denak balio duela krisiaren kapa jarriz gero: krisi energetikoa, krisi klimatikoa... Denon energia beharrak asetzeko hainbeste kezka balego benetan, horretarako erregai fosilak erabili gabe, historian zehar ehunka asmatzailek deskubritu zutena jarraitu besterik ez lukete egin beharko gobernuek; energia garbia eta merkea lortu zuten askok. Bilatuz gero, informazioa neke askorik gabe aurkitzen da, eta denak baldintza arrarotan hil edo desagertu zirela ere bai. Dirua da krisien eragile.

Gobernu edo gobernatu hitza entzutean, burura bizi etortzen zait hitz honek baserrian duen erabilera: ganadua gobernatu, ukuiluan dauden animaliei egunero jaten eman eta gainontzeko zaintza lanak egitea esan nahi du. Lurralde edo estatura bagoaz, berriz, zuzendu edo agindu da bere esanahia. Ederra izango litzateke herria zaintzatik zuzentzea.