Dena berde

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Arrizabalaga 2022ko abe. 20a, 11:57

Duela hilabete inguru albiste bat irakurri nuen: Burgosen, baldintza meteorologiko kaskarrak zirela eta, haize-errota bat erori eta hautsi zen. Ez zioten larritasun handiegirik ematen gertakizunari; jarri zuten lehen dorreetako bat omen zen eta, 15 urtetik gora izanda, bere “balio-bizitza” amaitzear zegoen.

Nola? Esaten ari zen haize-errota bat eraikitzeak suposatzen duena, horiek natur inguruetan kokatzeak dakarren txikizioa (150 urtean ere ez dena konpontzen) eta, 15-20 urte pasata, tonaka hondakin sortzen dituen zerbait “berdea” dela?

EAEn aurreikusita dauden parke eolikoekin gogoratzen, eta gaiarekin nahiko berotuta, informazio gehiagoren bila hasi nintzen, eta are berotuago bukatu. Haize-erroten hegalak erabiltzen ari diren bitartean, haizearen higaduraren ondorioz materiala galtzen doaz eta naturguneetan zabaltuta geratzen da, eta erabilgarritasuna galtzen dutenean arazoa are handiagoa da. Ezin dira birziklatu. Zer egin zehazten duen legedirik ere ez da garatu, astirik ez 15-20 urtean? Eta gaur egun ez da ezagutzen zein den erretiratzen den hegal baten trazabilitatea. Gainera, duten kokapen eta tamainarengatik, haien garraioak eta birrintzeak 4000-5000€-ko kostua izan dezake, “asumitzen zaila den kostua” (jartzeko onargarria, kentzeko ez).

2025erako, Estatuan 4.500 hegal egongo dira erretiratzeko, hotzikara sartu zait. Garai batekoek trikuharri eta cromlech-ak utzi zizkiguten, guk zer utziko dugu?

Energiarekin arazo bat daukagu, baina uste dut hemen ez dagoela irtenbidea.