Hego koreeraz idazten dudan lehen hitza da izenburukoa. Hego Korea mapa batean kokatzeko zailtasunak izango nituzke, baina hara non Netflix kultur globalizatzaileari esker serie oso bat ikusi dudan koreeraz, Kalamar (edo txibia) Jolasa izena duen seriea, hain zuzen ere (Squid Game, El juego del calamar).
Gure alabak proposatu zuen etxean ikustea eta, nik serieak duen itxuragatik aukeratuko ez nukeen arren, aho bete hortz utzi nau. Diru (eta bestelako) arazoak dituzten pertsonak, biziraupena jokoan dutenak denak, txapelketa bortitz eta klandestino batean parte hartzera gonbidatzen dituzte: soilik batek irabaziko du sari aberatsa, beste guztiak hil egingo dituzte.
Biolentziaz betetako seriea da: hilketak, adibidez, gordin ikusten dira; tentsioa ikaragarria da eta dilemaz betetako eszenak daude. Hasierako kapituluetan gehiegizkoa iritzi nion; tarteka alaba ohartarazten nuen: ez begiratu orain eta horrelakoak. Aurrera egin ahala, ordea, kapitalismo neoliberalaren kritika ikaragarria egiten du serieak eta pobreziaren ikerketa garaikidea ere bai. Bortizkeria justifikatua dago kontaketan.
Digitalizazio garai honetan, dron hiltzaile, multinazional bihozgabe eta oinarrizko lehengaiak, gasa edo argia nola, izateko xantaia egunero praktikatzen duten enpresen aurrean gaude eta gure biziraupenaren joko-arauak antolatu dituzten ezkutuko izen-abizenek bortizki tratatzen gaituzte. Denok gara jokalari, denok izan gaitezke ilara bateko azkenak. Hemen eta Korean.