Fratoren marrazkian irakasleak poster bat seinalatzen die umeei eta zera esaten die: "Gaur zuhaitza behetik gora nolakoa den azalduko dizuet: sustraiak, enborra...". Badirudi ez dela detaile txiki batez ohartu: baso eder bat du posterraren atzean. Marrazki honek urte batzuk ditu, 1984koa da. Badut sentsazioa orain ere detaile batzuk ahaztuta ditugula irakaskuntzan, dena lotuta eduki behar horrekin inork irakurriko ez dituen dokumentuak egin eta egin gabiltzala, xehe erlazionatu nahian —norbait (ordezkoa, gurasoak, ikuskaria, Pedrosa) galdetzera badator, otsoa azaltzen bada...— zein jardueraren bidez landu ditugun curriculumaren arabera umeek garatu behar dituzten konpetentziak, eta nola ebaluatu hauek guztiak. Laster paperak betetzen egoteagatik irabaziko dugu soldata. Ez nuke nahi. Irakasleon lana umearen garapenean bidelagun izatea da.
"Laster paperak betetzen egoteagatik irabaziko dugu soldata. Ez nuke nahi. Irakasleon lana umearen garapenean bidelagun izatea da"
Eta umeek ikasten dute, kasik bakarrik, inguruarekin harremanean, hain berezkoa duten jakin-minarekin, jolasten. Nola erraztu, nola atera distira bide horri? Denbora gehiago pasa beharko genuke haiei begira, jabetzeko zenbat gauza ari diren ikasten ARI direnean, eta pentsatu nola eman bultzada, nola aberastu, irakasleen artean ikuspegiak partekatu, egiten dugunaren inguruan hausnartu...
Idatz dezaket ikas-egoera edo unitate didaktiko bat (deitu nahi duzun bezala), baina paperak ezin du bildu egunerokoan eskola izan daitekeen inguru iradokitzaile horretan gertatzen ari den era guztietako jakintza leherketa hori (oroitu Gardner). Eta, gainera, ez dut hori dena idazteko denborarik.