Betilerik gabeko gizonak

Erabiltzailearen aurpegia Nahia Eguskizaga 2023ko api. 3a, 12:34

Etxean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ipuin bat irakurtzen ari nintzela, konturatu nintzen ipuineko protagonista neskek betileak zituztela eta mutilek ez. Harrituta geratu nintzen. Zergatik? Pertsona batzuek ez dute betilerik, baina horrek ez du sexuarekin inolako zerikusirik. Beste modu batera esanda: mutilek ere badituzte betileak.

Hau ez da pailazoen aurkako zutabea, ez gaizki ulertu. Baina adierazgarria iruditu zitzaidan: kritikoak izanda ere, sexismoa izerditzen dugu poroetatik, edaten dugun urak pozoi hori duelako eta, nahiz eta gure jarduna gainbegiratu, hor dago, errotuta, hegemonia. Ez da inor eskapatzen egunero datorkigun meteorito uholdeaz.

“Zer da, neska edo mutila?”. Lehen galdera (erantzun zehatzik ez dugunean deserosotasuna sortzen diguna) eta, erantzunaren arabera, berezkoa izango balitz bezala, pakete arrosa edo urdina. Aldez aurretik dakigu zer gustatuko zaion, hanka artean duenaren arabera, dena eraikitzeko duen ume bati: panpinak, arropa deserosoagoa, apaingarriak (purpurina, bolanteak, hortzadarrak, love edo princess jartzen duten kamisetak), besteentzat desiragarri izatea, ertzetan mugitzea, neskentzat; baloia, mugimendua eskatzen duten jostailuak, txandala, wild edo adventure jartzen duten kamisetak, desio subjektu izatea, erdigunea, mutilentzat. Paketearen osagai batzuk aipatzearren.

Esajeratua naizela pentsatuko duzue, baina begira jartzen bazarete ikusiko duzue ez zaidala arrazoirik falta. Adierazi nahi dudan bakarra zera da: ez dezagula naturaltzat edo berezkotzat hartu mailukadaka eraikia dena.