Esan daiteke azkenaldian EZ dela zure hitzik gogokoena, nahiz eta BAI izatea nahiagoko nukeen. Kontziente naiz, hala ere, EZ hori aldatzeko benetako arrazoi argiak eduki behar ditudala. Alde batetik, zuri azaltzeko proposatu dizudan horrek baduela bere izateko arrazoia eta hauxe zuri ondo arrazoitzeko (baita ni guztiz konbentzituta egoteko ere); beste alde batetik, zalantzarik ez izateko agindu/proposatu dizudan hori guztiz beharrezkoa dela justu momentu horretan.
Ez zait gustatzen arauak arau direlako bakarrik betetzea, zerbait gehiago behar dut: logika, helburuak, arrazoiak, eta arauak egin direnean gauza asko kontuan hartu izana… Alde ederra dago autoritatetik autoritarismora, ez dut zuk arauak obedientziagatik edo beldurragatik bakarrik betetzerik nahi, nahiago dut beste bide bat ikas dezazun: balioena, enpatiarena, elkartasunarena, kritikotasunarena, eztabaida eta elkarrizketarena… Arauak/legeak… konbentzio sozialak dira, une eta leku jakin batean, pertsona talde batek, ustez, denon elkarbizitzaren hobe beharrez adostutakoak; aldatzen doaz, erlatiboak dira, beraz.
Egunero eskaintzen didazun ispiluan neure burua begiratu eta errebisatu egiten badut; neuk gure elkarbizitzaren eta zure garapenaren onerako erabakitako arauak birpentsatzeko ariketa egiten ari banaiz; EZ esaten didazun bakoitzean zer behar duzun ulertzeko ariketa egiten baldin badut, denborarekin gauza bat ikas dezazun da: arauak/legeak eta justizia sarri ez datozela bat, eta batzuetan arauak apurtuz egiten dela justizia.