Eguna argitu baino lehen esnatu txikienarekin eta zorte pixka batekin handia esnatu baino lehen eta txikia aspertu aurretik kafea prestatu gosaldu aurpegia garbitu besapea aunkesea txorrotan ere bai eta dena ondo badoa dutxa txiki bat (marabilla) zu ere prestatuko zaitut txiki hankartea sikiera ur azpian pasa eta jantzi. Esnatu da handia eta ahoan du gosariaren erreklamoa urgentea da hiru urteko ume batek eskatzen duena eskatzen du ya! Hortxe dago gosaria gutxiegi gehiegi beroegi hotzegi dago eta joe maitia hasi jaten gosari ederra da eta! Hasi da ba gosaltzen azkenean eta bera entzun bitartean sukaldea txukundu gela aireztatu oheak egin arropa aukeratu labadora jarri. Bukatutakoan zu garbitu jantzi eztabaidatu konpondu eskolarako prestatu mukiak kendu eta badoa aitatxo zurekin eskolara. Txikia hamakan niri begira jarri tronuan eserita nagoen bitartean (zein ederra den konpartitzea). Txikia loguretuta dago titia eman goxo jarri gorputzera estutu kantatu goxatu lokartu da. Erosketak bazkaria arropa zintzilikatu garajea pagatu zerraila konpondu etxea garbitu hamaiketakoa prestatu praka josi mahaia jarri zaborra bota zu eskolatik jaso landareak ureztatu besoetan zaitudala bazkaldu parkean jolastu titia txikia lokartu etxera heldu afaria dutxa zure hatzazkalak moztu (ostras igual nireak ere) ipuina eta horrela iritsi da gaua ohera goaz eta titian zauden artean liburua hartu dut baina begiak itxi zaizkit. Zu titian lo liburua seaskan zain.

Ametsetan izeberg bat ikusten dut itsasoan igeri, eguzkiak bere punta distiratsuago egiten du are eta ageriago utziz. Boteretsua dirudi: zorrotz, zuri, ezinbesteko, garrantzitsu. Beste guztia ur azpian dago. Zatirik handiena. Oinarria.