Alderdiaren aurretik eta gero ere, debarrok altxa dugu ahotsa. Komunitateagatik altxatuak oroimen-ganbarako esker onaren amaraunean ditut: ametsak garatzeko Gaztetxea gorputz-arima osatu zuten gazteak; zezen-plazan, pankartaz, errealitate absolutuen paretan jaiak ulertzeko beste modu batzuei leihoa ireki ziotenak...
Altxa Burua-koek, burua goian, pantailen kolonizazioaz ohartarazi gaituzte, eta distirak itsu-gortutako gurasoak umeen babesa berreskuratzera gonbidatu.
"Artifiziala naturalduz goaz, ordea, eta hor dira hotelak, tabernak... umeei betoa jarriz: kapitalaren logika vs logika emozionala"
Liburutegia Denontzat-ekoak, amak berriro, irtenbideaz datoz: pantailek estimulatutako buru hiperaktiboek ipuinetako hizki-irudietan lur-hartzea, irudimenaren botoiaz mila aukeren mundura hegaldatzea... “Zenbat ideia neskak!”, beste herrietako udal arduradunak inbidiatan...
Liburuzainak ere (“Ezti”a bezain goxo, laguntzeko prest beti) entzun beharreko arrazoiak ditu gaiaz, ziur. Baina umeen eskubideez ari garela aldeen arrazoia al da joko-zelaia?
Amnesiak jota, umeak ia deabruzko zaizkigu. Ez naiz inor gogoz kontra bereizte zale, izan azalaren koloreagatik edo mamiaren adinagatik. Artifiziala naturalduz goaz, ordea, eta hor dira hotelak, tabernak... umeei betoa jarriz: kapitalaren logika vs logika emozionala. Eremu publikoan ere, ustelkeria eta utzikeriaren eskutik gure ahotsa Aliceren labirintoan galduta, egun, ahotsa aldarri da beti. Ziurra bizitzan aldaketa soilik izaki, borondate argia eskatu nahi diot udalari behar diren arau-zehazte, herri-galdeketa, edo probekin, nola edo hala, erantzun egokia emateko debarron ahotsari.