Ikastola eta goiko eskola. Infernua eta zerua; zerua eta infernua. Poz eta beldur berberen jabe ginen umeak; kaleak kromo-kolpe, ziba-punta, sokasalto eta baloiekin erretzen genituen ume askeak. Bereizitako debarrak.
“Nor bere etxean eta jainkoa guztionean”, bertute-jabe norbere eskolakoak baino ez ziren, ordea. Goikoei, “hazur-beltz”-en ondorengoei, kutsu hura zerien; behekoak, gaztelania barregarrian aritzen ginen kaikuak ginen, baserritar itziartarren bilobak asko. Eta, azkenik, autobusak goiko eskolan lagatzen zituen (unibertsoa keinuka!) baserritarrak zeuden. Konplexuak eta etiketak. Zer lehenago oiloa ala arrautza?
"Poz eta beldur berberen jabe ginen umeak; kaleak kromo-kolpe, ziba-punta, sokasalto eta baloiekin erretzen genituen ume askeak"
80koa: konplexuz eta tentsioz betetako hamarkada konplexua. Eta “ez dira betiko garai onenak” kantatu arren, orain, perspektibaz, diot txarrenak ere ez zirela izan, eta egungo sofistikazioarekin ere konplexuak makillatu eta pantailetatik zabaltzea izan dugula lorpenik behinena.
Temati baina unibertsoa beti, eta zinez gertu jarri izan dizkit goiko eskolakoak, zenbait lagun min egin arte. Talde bateko kide ere baditut orain, eta hain justu haiek erakutsitako argazkia izan da atzera eraman eta zutabea ekarri didana: hondartzari begira, eserita, hiru lagun gomadun praka eta Spandau Ballet-en tipoko ileekin. Segituan, arropa horien azpian, neure burua ikusi dut, kuadrillakoekin, pipak jaten.
Eta azkenaldian (batzuetan eroso, besteetan ezinbestean) egitea egokitu zaidan ariketaren emaitza ikusi dut berriro: berez itxi diren zauriak, parekoaren zauriari begira.