Lau klik komunean

Erabiltzailearen aurpegia Miriam Arrizabalaga 2021ko abe. 21a, 12:15

Duela urtebete Greziako kanpamenduetako errefuxiatuentzat neguko arropa bilketan geundela, neska bat atetik sartu eta “arropa zaharra non lagatzen da?” galdetu zuen; bertan geundenok aho batez erantzun genion, baina bat-batean berez arropa zaharra inork ez zuela eskatu etorri zitzaidan burura. “Elkarbanatzea ez da soberan daukaguna ematea, daukaguna banatzea baizik”, entzun nion norbaiti. Azokan eskuak ez hozteko erosi berri nituen eskularruak nork ote beharrago? Epea bukatuta, buru estutze erdia. 1. klik.

Interneten gizon zuri batzuek diskriminazio positiboaren biktima gisa agertzen zuten haien burua, emakume beltz batek lortu zuelako beraiek hautagai ziren lanpostua. Gizona eta zuria izateagatik (agian ohartu gabe) lanpostuaren jabe ikusten zutelako beraien burua. 2. klik.

Lagun batek gizarte eredu desberdin baten jardunaldi batera joateko aukera izan zuen eta oso interesgarria iruditu zitzaion. Hizlariak, boterean dagoen talde batekoa izanda, boterea elkarbanatzeko prest zegoela esaten zuen gizarte ezberdin bat eraikitzeko. Arropa zaharrekin bezala, botereak ere soberak. 3. klik.

Fokupean jaialdiko Maringuruan parte hartu nuen. Ikusi nuen arte eszenikoen munduan ere, proiektuen gobernantzan, ospean, ageriko eta ezkutuko lanetan… zenbateraino eragiten duen emakume eta gizon rolek nolakoak izan behar duten itsatsita eramateak, sarritan ohartu gabe. 4. klik.

Izan zerbait materiala edo parte hartu edo erabakitzeko espazio bat, antzeko osagaiak modu ezberdinean antolatuta dituen nahaste bat dugu igarri gabe bakoitzak barruan, non norberaren eta besteen adin, antzinatasun, gertutasun, genero, klase sozial, arraza… batzen diren jarrerak desberdinduz. Igarri eta eragin dezagun.