Badoaz egutegian aurrera abenduko egunak eta pentsatu dut agian kasu batzuetan lerro hauek berandu iritsiko direla, baina urte osorako balio dutela ohartu naiz gero. Erosketa eta kontsumo handiko garaian gaude; familia eta lagun bilkurak, opariak, oporraldia… iragarkiak eta promozioak aukeran, argi, kolore eta musikaz lagunduta. Berez, aurretik eraman gaituen kontsumoaren zurrunbiloa, abiadura azkartuta!
Ni ekoizlea naiz, baina baita kontsumitzailea ere, eta argi daukat herria bizirik egoteko denda txikiek, artisauek eta ekoizleek duten garrantzia. Zergatiak eman ditzaket, baina merkatarien elkarteek egindako lanaz baliatuko naiz horretarako eta spotak sarean bilatzera gonbidatzen zaituztet. 2022an Confecomerç-ek zabaldutako Principios para recuperar los principios kanpainak oinarrizko lau printzipio ekartzen dizkigu gogora, umore puntu batekin. Hurbilago etorrita, Aretxabaletako merkatarien gabonetako iragarkiaren zain egoten naiz urtero eta Oñatikoak ere ez dira alferrikakoak, bakoitzak bere herrira erraz ekar ditzakeen egoerekin.
Ezinezkoa dirudi guk hartzen ditugun neurriekin mundu mailan eragiteak, baina garrantzitsua da gastatzen dugun euro bakoitzak non bukatzen duen eta zer bultzatzen duen jakitea. Eta hori gure esku dago! Badago opari bereziak egiteko aukera: dendetan neurrira egindako otarreak edo bestelakoak prestatzen dira garai hauetarako; elkar hartuta edo banaka, beren piezak eskaintzen dituzte artisauek; ekoizleak saskiak osatzen ibiltzen dira; harpidetzak eta hainbat
proiektutarako babesa ere oparitu daitezke. Denak GERTUTASUNAK lagunduta!