Berriz ere Dragoi Bola ETB1en ematea otu zaio baten bati. Lehenbizikoz eman zutenean, urte luzez iraun zuen, nire amaren disgusturako. Ez dakit gaur egungo gurasoei zenbateko grazia egingo dien. Egongo dira nostalgikoak, noski. Zaharrak berri. Bada azken urteetan zaharra berritzeko joera, remake deritzenak egitekoa: film edo serie zahar bat hartu, eta berriz ere filmatzekoa. Maite dugu ezagun zaigun horretan babestea… Esango nuke gehiago kostatzen dela zerbait berria sortzea; izan ere, dena egina dagoen sentipena izaten dugu maiz.
Esango nuke gehiago kostatzen dela zerbait berria sortzea; izan ere, dena egina dagoen sentipena izaten dugu maiz
Zientzian ere gertatzen da hori. Adibidez, fisikan dena egina zegoela erantzun zion Philipp von Jolly fisikako irakasleak 1874an hamasei urte zituen Max Planck gazteari. Eskerrak irakaslearen erantzunak ez zuela Max gogogabetu! Berari zor diogu mekanika kuantikoaren lehen hazia, 1900. urtean ereindakoa: 25 urte beranduago Heisenberg eta Schrödinger-ek (bai, katuarena) garatu zutena. Hau oroitzeko, Zientzia eta Teknologia Kuantikoen Nazioarteko Urtea dugu aurtengoa. Gurera etorrita, IBMren System Two konputagailu kuantiko berria inauguratu zuten orain gutxi Donostian: mota horretako beste bi soilik daude munduan.
Planckek irakasleari erantzun zion berak ez zuela mundu berriak aurkitzeko interesik, fisikaren oinarriak ulertzekoa baizik. Akira Toriyamak Mendebaldera Bidaia izeneko txinatar kondaira klasikoa hartu zuen oinarri Dragoi Bola sortzeko. Aurrekoa errepikatzetik ez da berririk sortzen, baina ezinbestekoa izan ohi da aurrekoaren berri izatea.