Bi hankako erlikiak

Erabiltzailearen aurpegia Mattin Urbieta 2024ko aza. 5a, 12:34

Instagram ezabatu dut mugikorretik, eta Twitter-ekin (nahi duena esango du James Bond-en pelikuletako bilauak, baina "X" berak soilik deitzen dio) gauza bera egitekotan naiz. Esku bateko hatzekin konta ditzaket Instagram-en jarraitzen ditudan kontuak, literalki. Eta hala ere, konturatu naizenerako algoritmo zikin horrek jositako amaraunean jausi naiz, euli ziztrin bat bainintz, geldi-geldi pantailari begira nire denbora zurrupatzen duen bitartean. Mugikorrak berak diost zenbat denbora igaro dudan erretinak erretzen.

"Disketeak teknologia zaharkitua dira, erlikiak: gazteenok agian ez duzue jakingo ordenagailuko GORDE  ikurraren jatorria disketeak direla"

1987an merkaturatu ziren lehenengo aldiz 3,5 hazbeteko eta 1,44 megabyte-ko disketeak. Bi urte beranduago, 1989. urtean, World Wide Web (www), Internet deritzogun hori, sortu zen CERNen informazio eta datuak era eraginkorrean kudeatu ahal izateko.

35 urte beranduago disketeak teknologia zaharkitua dira, erlikiak: gazteenok agian ez duzue jakingo ordenagailuko GORDE ikurraren jatorria disketeak direla.

Internet, aldiz… Internetek gizartea goitik behera eraldatu du, eta adimen artifiziala bide beretik doa. Testu hau idatz nezake ChatGPT erabiliz segundo gutxi batzuetan. Nik, aldiz, ordu batzuk inbertitu ditut. Bai, gure lanak azkarrago egiteko balia ditzakegu tresnok, baina zertarako? Irabazitako denborarekin zer egin algoritmoak erabaki dezan?

Dena adimen artifizialaren esku utziz gero, ez al goaz munduko denbora guztia duten, baina ezer egiteko gai ez diren erlikia ezdeusak bilakatzeko bidean? Asko dugu gizarte gisa hausnartu eta erabakitzeko, eta gero eta denbora gutxiago.