K26+

Erabiltzailearen aurpegia Mattin Urbieta 2021ko urr. 20a, 20:17

Sed fugit interea, fugit irreparabile tempus. Konturatzerako hamar urte igaro dira Berriketan-en argitaratzeko idatzi nuen lehen zutabe hartatik. Hemerotekan begiratu, eta hortxe: Geure esku(z). Hemeretzi urte nituen, Bilbon bizi eta Leioan, EHUn, Fisika ikasten nenbilen. Bizitzeko gogoz, ilusioz eta zalantzaz beterik zen nire zakua, sosak urri ziren eta hura betetzeko. Garaioz oroitu, eta gogora datorkit Ertzaintzak nola hustu zuen Kukutza III gaztetxea duela hamar urte, bidean gazteak eta ez hain gazteak zaurituz eta atxilotuz. Zaharrak berri.

Gazte izan ala ez izan, parean jartzen den ispiluak zehazten du. Izan ere, duela gutxi entzun nion bati 59 urte bete arte gazte garela. Nik ez dut gazte-txartelik banatuko, bai, ordea, Kutxabankek: K26+ naiz, 26 urte betetzeaz bat gaztetasuna lausotzen hasiko bailitzan, 30era iristean desagertzeko. Jakin nahiko nuke ea prekarietatea, antsietatea, langabezia, kalitatezko lanpostuen eta diru-iturrien falta, etxebizitzaren espekulazio orokortua, eta, oro har, proiektu kolektiboak eta bitalak garatzeko oztopoak ere adin horrekin amaitzen ote diren.

Badakit gauza askok berdin jarraituko dutela, edo are, okertu egingo direla. Etorkizuna preso. Gero kexatuko gara gazteek kalezurruta edo botiltzarra praktikatzen dutelako, eta polizia bidaliko dugu horiek sakabanatzera, egurra banatuz bidean. Bitartean, proiektu alternatiboak oztopatuz eta sozializatzeko bideak eraitsiz. Gazteria ito arte, iheslekurik gabe. Hamar urteren ondoren, lehengo lepotik burua.