Zenbat dira aski?

Erabiltzailearen aurpegia Mattin Urbieta 2023ko urr. 25a, 12:59

Hasiera batean Euskal Herriko Unibertsitatean bizi dugun egoerari buruz idazteko asmoa nuen: LOSU Unibertsitate lege berriaz eta errektoretza taldeak era interesatuan egindako interpretazioaz; prekarietateaz, finantzaketa faltaz eta 800 euroko kontratuez; baita urriaren 11n eginiko grebaz ere.

Munduak biraka jarraitu du ordea, eta ezin buruko jirabira guztiak hemen sartu. Saiatu beharko.
Eskolan historia ikasteak zertarako balio zezakeen bota zuen batek aurreko batean afaritan. Ziririk sar ez diezaguten, akatsak errepika ez daitezen, gatazka baten erroak ulertzeko, zapaldua eta zapaltzailea zeintzuk diren bereizten jakiteko, edo guztiz hedatuta dauden desinformazio eta gezur-sareetan plaust jaustea ekiditeko. Saiatzeko, bederen.

Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren arabera, 2008ko urtarrila eta 2023ko iraila bitartean 6.407 palestinar eta 308 israeldar hil dira gatazkan, gehienak Israelgo indar armatuek erailda (ochaopt.org/data/casualties). Balantzan jarrita, israeldar 1 = 20 palestinar. Eta hori, azken egunetan ehunka izan diren hildakoak eta izango direnak zenbatzeke daudela. Are gehiago 1948tik kontatzen hasita.

Ez dakit noiz utziko diogun ospitale eta eskolen kontra lehertutako bonben oihartzuna entzuteari, noiz desagertuko den Palestina titularretatik, noiz amaituko den sarraskia. Zenbat palestinar erail behar ditu Israelek bere mendeku egarria asetzeko? Zenbat izango dira aski Europarentzat? Zenbat dira zuretzat? Saiatu zenbakia jartzen.