Dena garestitu den honetan, badira oraindik dirutan ordain ezin daitezkeenak. Nik ez daukat onddo edo perretxiko bila joateko ez ohitura ez ezagutzarik. Osaba Martinek oparitutako liburu eder bat badaukat, eta bada garaia hari begirada bat emateko… baina perretxikotan ibiliaren ibiliaz ikasten dela esango nuke, ezta hala? Beraz, onddoekin ikusten banauzue, izan ziur kasualitatez topatu ditudala, edo norbaitek oparitu dizkidala.
Betidanik iruditu izan zait zaletasun berezia, eta inbidia ederra ematen didate zerbait aurkituko dutenaren ziurtasunez mendi eta basoetara abiatzen diren horiek. Ez dakit honekin beste zaletasun batzuekin ere gertatu dena gertatu ote den: konfinamenduaz geroztik errepidean bizikleta gehiago, itsasoan surf taula gehiago, mendian korrikalari gehiago, edozein txokotan furgoneta gehiago eta abar dabiltza. Agian aurretiko joera da, ala zerbaitek egin du klik? Uneko moda, ala gizartearen isla? Gustatuko litzaidake jakitea saskien salmentak ere gora egin ote duen…
Azken egunetan uzta oparoa jaso eta hau banatzeko bezain eskuzabalak diren hainbat lagun inguruan izateko zoriona izan dut. Esango nuke horrek ere ezaugarritzen dituela perretxikozaleak. Indibidualismoaren uztarriari lotuta bizi garen garaiotan, onddo eta perretxikoak eros daitezke, baina txapeldun izaki hauen aitzakiapean harremanak saretzeak ez du preziorik. Afari bueltan bada ere. Are gehiago beste onddo baten itzala ortzi-mugan ageri eta iragan mendeko mamuak haizatzen dituzten garaiotan.