Iritsi da iraila eta hasi gara ikasturteari aurre egiteko prestakizunekin. Eta hasiera honi kolore pixka bat emateko Animadebaz gozatzeko aukera ere izan dugu. Animazioaz gozatzeko aukera eskaintzeaz gain, Animadeban bestelako ekintza ugari ere antolatzen dituzte herrian: kontzertuak, hitzaldiak, aurkezpenak, zuzeneko podcastak, merkatua... Eta benetan azpimarragarria iruditzen zait herritarrek ekintza hauek guztiak aurrera eramateko egiten duten lana. Pertsona ugarik parte hartu dute ekitaldi horien bueltan, oholtza gainean, salmentan, zaintzan eta bestelako lan batzuetan.
"Udazken-negu luzea datorrenean, gauzak konplikatzen dira eta ez dago ekitaldi desberdinak egiteko aukera askorik"
Beti pentsatu izan dut Deban badaudela talentua eta fundamentua. Zero kilometro anitza eta aberatsa da gurea: Begiradak, Iturrian Korua, kaleko kontzertu desberdinak, Baso Bete Zientzia, Galerna Festa, Jazzez Blai, Fokupean, Antzerki Astea, Gure Giro eta abar. Ezin dugu esan kulturalki aberatsak ez garenik. Badago gogoa eta ilusioa gustatzen zaigun horri ekiteko, eta ekimen horiek aurrera eramateko bideak aurkitzen saiatzen gara nola edo hala.
Udako gau luzeetan eta egun eguzkitsuetan eta beroetan, herriko edozein txoko izan daiteke emanaldi hauentzako egokia. Eta euria eginez gero, hor dago zumardiko karpa, alternatiba gisa. Baina udazken-negu luzea datorrenean, gauzak konplikatzen dira eta ez dago ekitaldi desberdinak egiteko aukera askorik: Kultur Elkartea, Ispiluen gela eta frontoia bihurtzen dira agertoki.
Gure talentuak azalerazteko fundamentuzko areto bat izango bagenu, nola irudikatuko zenukete gure herriko kultur eskaintza?