Minbiziaz aritu ginen inurriok Iturri Ondoan. Tabuen Kutxa zabaldu eta hainbeste kostatzen zaigun gai hau oholtzara ekarri nahi izan genuen, herritarrekin honen inguruan izan ditugun bizipenak partekatzeko asmoz.
Gure gorputz zaurituak oholtza gainean, filtrorik gabe. Gorputz ez normatiboak, gizarteak eskatzen duen edertasun kanon horietatik kanpo daudenak. Baina nola ikusten ditugu oraindik neurri zehatz horietan sartzen ez diren gorputzak? Zer da edertasuna? Gorputz idealik badago?
"Zer pentsatua ematen dit nire gorputza den bezalakoa azaltzeagatik ausarta naizela esaten didatenean"
Minbiziak gorputzari begiratzeko beste aukera bat eman dit eta egoera ez normatibo honen baitan edertasuna ikusten hasi naiz. Urtero Inurriko kideok egutegi batean azaltzen ditugu gure gorputzak eta zer pentsatua ematen dit nire gorputza den bezalakoa azaltzeagatik ausarta naizela esaten didatenean.
Zabal dezagun gorputz ez normatiboen kutxa. Zer da gorputz normatibo bat? Zein neurritan sartzen da? Nork esaten du horiek direla neurri egokiak? Zergatik? Zer suposatzen digu neurri horien baitan egoteko egin behar dugun esfortzuak? Osasuntsu egoteko egiten dugu?
Zenbat dieta, kirol eta ekintza egiten ditugun neurri horien baitan egokitzeko helburuz... Balantzaren gainean jarri eta aurreko egunean baino zenbaki handiagoa azaltzen digunean, zer sentitzen dugu? Eta horren ondoren ispiluan begiratzean nola sentitzen gara? Zenbaki horiek definitzen dute gure edertasuna?
Osasunaren mesedetan, gure bizitza duintasunez sostengatzen duen zenbakirik gabeko gorputz eder bat aldarrikatu dezagun behingoz!