Jolastu

Erabiltzailearen aurpegia Mari Seara 2022ko urr. 5a, 11:28

Iturri Ondoko ekitaldi batean haur bat zebilen Plaza Zaharreko banku azpian dauden argiekin etengabeko esperimentazioan: argiaren aurrean jarri, hankak zabaldu, buruz behera begiratu, bankura igo, eskua aurrean jarri,… Jostailurik gabeko etengabeko jolasa, gorputza, jakin-mina, irudimena eta ni.

Aurrekoan irakurri nuen jolastea dela gizakiak duen berezko ezaugarri nagusienetarikoa. Azken urte hauetan badirudi erositako zerbaitekin ez bada, jolasa ez dela baliagarria, produktiboa, didaktikoa… Diotenez, gehiegizko estimulazioak ez du esploraziora gonbidatzen, guztiz kontrakoa. Haurrei jostailuak erosten dizkiegu gurekin loturak egiteko, baina gero eurekin jolasteko ez dugu tarterik hartzen.

Lotura egiteko ez da jostailurik behar. Egon, begiratu, entzun, denboran galdu, une batez aske sentitu. Ez dezagun ahaztu gu ere haurrak izan ginela.